MugMus

Kultur Laborategia

Arte-bizien eremuan mugimendua, musika eta beste adierazpide batzuk baliatuz uztarketa landuak egin eta eszenaratu nahi dira

Bidea urratuz

MugMus Laborategiak 2015ean bide artistiko eta pedagogikoa urratzeari ekin zion  Beñat Ralla Yustaren ekimenez. Dalcroze Erritmika ikasketen harira Geneva-ko (Suitza) kontserbatorioan egindako 3 urteko egonaldiak eragindako bulkadari jarraipena emanez osatu zuen konpainia eta ordutik lan-talde sendo eta iraunkorra osatu da. Hainbat sormen laguntzetan onuradun suertatu da: DSS2016/Mugalariak 2.0, Baratza aretoa, Dantza Hirian, BAD Bilbao artistak erresidentzian, Fagus Alkiza sormen beka, Eusko Jaurlaritzaren Produkzioak I saila…

Bere helburu nagusia arte-bizien eremuan mugimendua, musika eta beste adierazpide batzuk baliatuz uztarketa landuak egin eta eszenaratzea da, horretarako beste arte diziplinetako kideekin elkarlanean ere arituz. Musika eta mugimendua uztartuz edota hauetako bakoitza bereizirik proposamen pedagogikoak aurrera eramatea ere helburutzat dauka.

Iruditeriak bereganatu, berrirakurri, birformulatu eta molde garaikidez aurkeztu

MugMus Laborategiaren ezaugarri garrantzitsua da euskal kultura unibertsaltasunez jorratzeko bokazioa. Transmisioaren ikuspegitik, jorratuko diren lengoaia edota kultur adierazpide unibertsalek arreta berezia eskainiko diote euskal herritarona den iruditeria bereganatu, berrirakurri, birformulatu, eta molde garaikidez eskaintzeari, baina baita berrikuntza eta garapen kultural, artistiko eta estetikoaren ikuspegitik ikerkuntzaren bidez iruditeri berria jorratzeari ere.

Era berean proiektuaren sorkuntza zein kudeaketan balio feministak aintzat hartzen ditu: berariaz erreparatzen dio emakumearen ikusgarritasunari, sormen produktua edo emaitza ez ezik sormen-prozesu osoan zehar suertatuko diren lan-harremanak euskaraz izateari, kultura gizarteko eremu guztietara heltzeko helburuz hiri edo jaialdi nagusietan ez ezik herri edo ekimen xumeagoetan aritzeari, eta artea gizartea eraldatu eta aberasteko tresna gisa ikusirik mediazio ekintzak burutzeko bokazio osoa du.

Kideak

Beñat Ralla Yusta

Zuzendari artistikoa, mediazio arduraduna, ekoizlea eta musikaria

Ikastetxe arautu, kontserbatorio eta unibertsitatean irakasle aritu ondoren hezkuntza kudeaketan eta sormenean dihardu

Iñar Sastre Lopetegi

Musikaria eta sortzailea

Lengoaia klasiko, jazz zein garaikidean goi-mailan ikasia, piano irakasle eta hainbat dokumental, diska eta dantza-ekoizpenetan dihardu

Jone Amezaga del Frago

Dantzaria eta sortzailea

Askotariko konpainia eta proiektutan garatzen du bere jarduna geografia eremu zabalean lengoaia garaikideak ikertuz

Ioritz Galarraga Capdequi

Dantzaria eta sortzaile

Dantza garaikidearen esparruan hainbat konpainiatan aritzen da sormen-prozesuetan parte-hartu eta emanaldiak eskainiz

Hasierako urteotan funtsezkoa izan da baita ere partaide hauen ekarpena: Eneko Balerdi Eizmendi, Izaskun Lapaza Rodriguez, Nagore Somoza Chamizo, Josu Santamaria Fernandez, plazaz-plaza aritu garen hamarnaka bertsolari, eta beste hainbat ezinbesteko bidelagun